Sarrera

Kiribildu zaitez gurekin!

Proiektu honetan euskal jatorria duten esaera zaharrak, jolasak, kondairak eta kantak bildu dira. Horren helburua, euskal kultura, hizkuntza eta hezkuntza uztartzen dituen baliabideak biltzen dituen bilduma bat osatzea izan da. Proiektuaren nondik norakoa ulertzeko beharrezkoa da ondorengo lerroetan kultura, euskal kultura, hezkuntza eta euskal curriculuma zer diren aipatzea.

Kulturari erreparatuta etengabe birsortzen den balioen eta jardunbideen multzo aldakorra da. Kulturaren bidez pertsonek beren balio eta jardunbideak zalantzan jartzen dituzte, moldatu eta birdefinitu egiten baitituzte. Prozesu hori guztia errealitatea aldatu eta ideiak trukatu ahala gauzatzen da (Maraña, 2010). Baina zein ezaugarri hartzen dira kontuan kulturaz hitz egiten ari garenean? Barneratutako jokabideak eta balioak (nahiz eta batzuetan berezkoak eta kanpotik bereganatutakoak ez diren argi egoten); bizitzeko moduak eta arauak; talde bateko kide izateko taldearengandik jasotzen dituen bizimodu eta arauak, herri edo gizarte jakin batek gizakiaz, gizarteaz eta naturaz dituen ideia, balio eta arau adierazgarriak; eta azkenik, lehen aipatu bezala, behar horien erantzunak historikoak dira. (Euskal Curriculuma, 2006:16).

Aipatu beharra dago, euskal kultura espezifikoen ezagutza galtzen ari dela. Mende askotan zehar euskal kulturak bizirik iraun du, baina egungo globalizazioa medio, gutxiengo kulturak zapalduak izan dira. (Euskal Curriculuma, 2006:11). Horren ondorioz, hezkuntzan eta kulturaren transmisioan hutsuneak antzeman daitezke. Izan ere, ezin dugu ahaztu hezkuntza dela euskal kultura eta hizkuntzaren transmisore, baina hezkuntza baldintzatuta dagoela esan daiteke. Euskal Herrian Espainian erabakitzen diren Curriculum Ofizialeko edukiak lantzen baitira eta horiek kasu batzuetan ez dute euskal kultura transmititzen edo transmisioa ez da nahikoa. Euskal kulturaren transmisio hori bermatzeko asmotan Euskal Curriculuma sortu zen. (Euskal Curriculuma, 2006). Aipatzekoa da Euskal curriculumaren helburua ez dela soilik euskaldunon berezko kultur prozesu eta ekoizpenak aukeratzea, gizateria osoarenak ere hartzen baititu bere baitan, betiere, gure testuingurua oinarritzat hartuta (Euskal Curriculuma, 2006:15). Azken finean, euskal curriculumaren nahia gure hezkuntza Euskal Herritik abiatzea izango litzateke, hau da, gure hurbileneko errealitatetik (herria) mundua (besteen errealitatea) ezagutzea eta munduko ezagutza horiek gure herrira ekartzea. Horregatik, Euskal Curriculumaren zeinua kiribil bat da, azken finean, gure bizitza kiribil batean sartuta baitago. (Euskal Curriculuma, 2006). Hortik, gure web gunearen izena: Kiribilsite.

Aurretik aipatu bezala, gure ingurune hurbileko testuinguruan euskal kulturari eta bere transmisioari dagokion hutsune nabarmen bat antzeman dugu eta horregatik, gure web gunearen helburua edozein erabiltzaileek erabiltzeko tresna bat sortzea izan da; betiere, euskal kultura, hezkuntza eta gure hizkuntza interesatzen zaion edonorentzat. Bertan, euskal jatorria duten esaera zaharrak, jolasak, kondairak eta kantak biltzen dira. Horrez gain, baliabide bakoitzak izan dezakeen testuingurua eta garrantzia edota transmititu dezaketena aipatzen da atal bakoitzean.  Hala ere, aipatu beharra daukagu, tresna hau irekia dela eta erabiltzaileetako edonork egin ahal dituela ekarpen pertinenteak.

Hori horrela, gaur egun ez dago garai bateko historiak edo kondairak kontatzeko ohiturarik edota garai bateko jolasak desagertzear daudela esatera ausartzen gara. Egoera hori aldatu ezean, gure kulturaren eta hizkuntzaren galera gehiago nabarmenduko da edota guztiz desagertu.

Hori guztia ikusita, beharrezkoa da euskaldun garen heinean, euskal kulturaren zein hizkuntzaren transmisioa bermatzea. Aipatutako transmisioa bermatzeko asmotan sortu dugu gure web gunea eta urteen poderioz berau elikatzen joatea espero dugu! Izan gure proiektuaren parte!

 

Deja un comentario