Kondairak

Garai bateko istorioak

Ondoren agertzen diren bost kondairak “Urola aldeko kontu eta komerixek” liburutik hartu ditugu. Bertan, Gurutz Garmendiak bildutako bailarako ipuin eta kondairak kontatzen dira. Galtzear zeuden kondairak berreskuratu ditu eta bakoitzari bere irudia ipini. Liburuxka horretan, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Errezil eta Beizama aldean jasotako ipuinak biltzen ditu eta han hemen jasotako ipuin motzetatik, sormenaren bidez aipaturiko liburua sortu du (Garmendia, 2015).

Gure web gunerako bost kondaira aukeratu ditugu, guretzat 3-6 urte bitarteko umeentzat egokienak direnak. Hala nola, kondaira batzuk moldatu eta laburtu egin ditugu (umeentzat luzeegiak ez izateko).

Gure helburua, gaur egun galtzear dauden ipuinak berreskuratzea  izan da, hau da, urteetan Euskal Herrian ahoz aho transmititzeko ohiturari jarraitzea. Ahozko transmisioak garrantzi handia dauka eta baita transmititzen dizkiguten ezagutzek ere. Ez dugu ahaztu behar, garai batean, gaur egungo ezagutzarik ez zegoenean, kondairei esker ulertzen zutela naturan gertatzen ziren fenomeno ezberdinak, besteak beste (Atxukarro, 2015).

Horretarako, edozein momentu aprobetxatu dezakegu: etxean suaren ondoan gaudenean, ikastetxean (gaur egun ohikoak diren ipuin komertzialak alde batera utzi edota berauekin konbinatu) umeei istorio bat kontatzea nahi dugunean (testuinguru hurbila erabiltzen da kondaira horietan), umeak lokartzerako momentuan …

Horrela, umeei kondairak kontatzen direnean, beraiekin momentu hurbilak eta gozoak pasatzeko aprobetxatu daiteke eta horrekin batera, euskal kulturaren transmisioa bermatzen da. Hori horrela, honela azaltzen digu Bakarne Atxukarro Barañaingo Auditorioko langileak: “gure arbasoen azalean jartzeko ere balio digute kondairek. Gure ondare kulturala dira, eta bestalde, balore asko irakasten dizkiegu gure txikiei” (Atxukarro, 2015).

SANSON JENTILLA URA EDATEN (MOLDATUA) (Garmendia, 2015:31-33)

12736221_10207297908919854_1679570468_n
Sanson Jentilla

Asko omen ziren Izarraitz eta Elosu aldean bizi ziren jentillak. Handiak eta ikaragarriak denak ere, baina bakean utziz gero ez omen zuten ezer ere egitten. Bihotz onekoak zirela esaten zuten, baina aldi berean arriskutsuak zirela esaten zuten, ikaragarrizko indarra zutelako, eta gañera, izugarriak omen ziren. Behin batean, Sanson deitzen zioten jentil erraldoi bat egarri omen zen eta belaunak Haitzako zelaia eta Elosumendiakoaren artean jarri omen zituen, bata haitz batean eta bestea bestean. Horrela, behintzat, lau hankatan jarri eta ura edaten hasi omen zen Urola ibaiak indarrik gehiena daraman alderdian, ur fresko eta gardenena edateko asmotan. Horren erraldoia zen,  eta horrenbesteko egarria zuen ur dena agortu zuela. Handik denbora gutxira, urola ibaia batere urik gabe gelditu omen zen, Sanson erraldoiak ura edan zuen tokitik itsasoraino, alegia. Ibaian urik ez, eta arraiak harri artean saltoka-saltoka hasi omen ziren, eta hori ikusita, Iraurgi herrixkako auzotarrak segidan joan omen ziren urik gabeko ibaira. Otarrez hornittuta hurbildu ziren eta hainbat eta hainbat amuarrain, izokin, aingira eta karramarru bildu omen zituzten; gero egun berean, denak erre eta izugarrizko afaria egin omen zuten herrixkan.

Kondairak transmititu dezakeena:

  • Elkarbizitza (denen artean arrantzatu zituzten arrainak eta denak batera jan zituzten)
  • Aniztasuna (Sanson erraldoia beste herritarren aldean “ezberdina” dela azaltzen du fisikoki, baina kondairaren amaieran denak elkarrekin amaitzen dute)
  • Elkarlana (gaur egungo gizartea nahiko indibidualista da, kondaira honetan herri osoa elkartzen da helburu komun bat lortzeko asmotan, arrainak arrantzatzeko, alegia)
  • Taldearen kohesioa (aurretik esan bezala, herri guztia elkartuta agertzen da, auzolanean bezala)
  • Urolaldeko herri batzuek ezagutzeko aukera (beraien inguruko errealitatearekin lotuta, Elosu edota Haitza, esaterako)

————————————————————————–

 

AXARKOREN EGIAK (MOLDATUA) (Garmendia, 2015:35-38)

12735754_10207297908599846_238849978_n
Axarko

Ba omen zen behin, aspaldi aspaldi, Axarko izena zuen azeria. Bere leize zuloan lotan egon omen zen denbora luzez, eta esnatu zenean izugarrizko gosea omen zuen. Barruak zurrunbilloka zituenez, ibaia zeharkatu eta herrixkara joatea erabaki omen zuen. Hantxe lortuko zuelakoan jateko goxoa:

– Banitxik herri ingurura, han topatuko diat nik jateko ederra. Oilaskoren bat edo txitaren bat, baña horretarako ibaia zeharkatu behar diat eta ura hazita zetorrek.- pentsatu omen zuen bere baitan.

Urola ibaia zeharkatzera abiatu omen zen, baina zeharkatzeko tokirik ez, ur sakonak nagusi baitziren sasoi hartan, eta jendea batera eta bestera ematen zuen pasajeroarengana hurbildu omen zen, haren untziaren gañean bestaldera pasatzeko asmotan. Beti bezala oraingo honetan ere diru gabe omen zebillen, ordea, eta honela esan omen zion ontzia batetik bestera eramaten zuen pasajeroari:

 – Hiru egi esango dizkiat pasajero, alderdi batetik bestera eramaten banauk!

Eta baietz erantzun zion pasajeroak. Segidan azeriak:

 – Pasajero! Pasajero! Esango diat bat lehenengo egia! Illetargixe argitsua dek, baña eguna askoz ere argiagoa duk!

Eta pasajerok erantzun zion:

 – Ondo ziok, ondo ziok.

Eta aurreraxeago joan zirenean, bigarren egiaren berri ematen hasi omen zen Axarko azeria:

 – Pasajero! Pasajero! Beitu, orain bigarren egixe esango diat! Edonoren ama ona dek, baina norberarena bezalakorik ez.

Eta pasajerok erantzun:

 – Ondo ziok.

Heldu zirenean ibaiaren bestaldera, orduan esan omen zion hirugarren egia:

 – Pasajero! Pasajero! Praka zaharrak dauzkak hik, eta ni bezalako asko ematen badituk hire ontzitxo horretan, berriz ere praka zaharrekin ibili beharko duk.

Eta pasajerok erantzun:

 – Ondo ziok, ondo ziok.

Kondairak trasmititu dezakeena:

  • Besteenganako errespetua (pasartean zehar Axarko azeria eta Pasajerok dena delakoa eskatzeko, elkarri errespetuz hitz egiten diote)
  • Konfiantza (Pasajero Axarko azeriarekin fidatu da eta ontzitxoan sartzen utzi dio)
  • Agindutakoa betetzearen garrantzia (Axarko azeriak bidaia hasi aurretik agindutakoa bete dio Pasajerori)
  • Hitanoaren erabilera(nahiz eta aurretik ezagutzen ez ziren hitanoa erabili dute Axarko azeriak eta Pasajerok; askotan konfiantzarekin lotzen dugu hitanoa, baina ez du zertan horrela izan behar)

 

————————————————————————–

 

MENDIEN ARTEKO ERRONKAK (MOLDATUA) (Garmendia, 2015:39-42)

12721680_10207297908359840_1904059376_n
Mendien arteko erronkak.

Bazen aspaldi-aspaldiko sasoi batean baso basati, haitz zorrotz eta erreka bizi-biziz hornitutako alderdia. Auñamendietako tontor eta gailurrek itsasorat egiten duten lurraldean zen, eta bertako ibai nagusiari Urola deitzen omen zioten. Bertako haitz eta mendiak bizi-bizirik omen zeuden. Mendi deitzen zieten garrantzitsuenei eta haitz edo tontor apalagoei. Egiak egi, ez omen zuten asko hitz egiten mendi eta haitzek bizirik egon arren, urtean behin edo horrela gehienez, baina berba egindakoan, entzuten omen ziren bai haien hitzak! Eta nola gainera… Ohikoak omen ziren euren arteko liskarrak eta bi taldetan banatzen omen ziren mendi, gailur, haitz eta tontorrak. Alde batetik, erpin-kaku moduko haitzak zituzten mendi eta gailurrak omen zeuden; eta bestetik, berriz, larre gozo eta mendi soilak zituzten mendi eta gailurrak. Zein ederrago eta indartsuago izan ibiltzen omen ziren denbora guztian elkarren artean erronkaka, eta kakodunak elkarren alde egiten zutelako, anaituta zeudela esaten omen zuten elkarren artean.

Erronka eta norgehiagoka nagusi beraz euren artean, baina izenik ez omen zuten oraindik ere, eta udako egun bero-bero batean, horrela esan omen zuen kakodun mendietako batek:

 – Erne egon!

Eta segituan esan zion Oihartzun deitzen zen iratxoak:

 – Erne egon! Erne egon! Erneon!

Errepikatu omen zuen behin eta berriro.

Ostean, hauxe esan omen zuen bigarren kakodun mendiak:

 – Hi zer haiz?

Eta Oihartzun iratxoak errepikatu:

 – Hi zer haiz? Hi zer haiz? Hi zer haiz? Hizerrraiz.

Horrela, behintzat, hirugarren mendiak, belardi gozodunak, erronka jaso eta hauxe erantzun omen zion zer zen galdetu zion mendiari:

 – Hi bezelako zazpi!

Eta Oihartzun iratxoak errepikatu zuen bailara osoan:

 – Hi bezelako zazpi! hi bezelako zazpi! Hibezelakozazzzzpi!

Handik aurrera, hiru mendi hauek bakoitzak bere izena omen zuten. “Erne egon” esan zuenari, ERNIO hots egin omen zioten; “hi zer haiz?” galdetu zuenari, IZARRAITZ; eta “hi bezelako zazpi” erantzun zionari, berriz, IZAZPI.

Kondairak transmititu dezakeena:

  • Beraien inguruko mendien izenak eta beraien izenez gogoratzeko trikimailua (“erne egon”–> Ernio; “hi zer haiz?”–> Izarraitz; “hi bezalako zazpi→ Izazpi)
  • Hitanoa (mendien arteko elkarrizketak eta elkarri egiten dizkioten galderak hitanoan egiten dituzte)
  • Mendien inguruko hiztegia
  • Sormena (mendiak hitz egiten dute beraien artean, Oihartzun izeneko iratxo bat dago)

 

————————————————————————–

ERROMATARRAK ETORRI ZIRENEKOA. KUKUHERRIKO ERRALDOIA. (MOLDATUA) (Garmendia, 2015:22-25)

12746277_10207297909199861_245587887_n
Kukuherriko erraldoia.

Kukuherriko auzoa lasai eta patxadaz bizitzeko toki aproposa zen. Hiritik aldendua, hirigunearen eta basoaren artean zegoen, eta zoriontsu bizi ziren bertako bizilagunak. Egun batean, gudarien gudarostea iritsi omen zen Kukuherriko auzora. Zaldi gainean etorri omen ziren gudariak, arrapaladan, eta buruzagitzan zebiltzala esan omen zieten aurreneko etxolakoetakoei:

 – Auzotarrok! Ezagutzen al duzue Kukuherriko erraldoia deitzen dioten gizona? Bere bila gabiltza…

 – Bai, bai, goiko etxolan bizi da, bere emazte Enar eta bi alabekin.

Gudariak zaldi gainean hurbildu omen ziren bere etxera eta bertan aurkitu omen zuten erraldoia deitzen zioten gizona. Duela urte batzuek, gudari gogorra izandakoa omen zen. Hainbat eta hainbat erromatarrekin borrokatutakoa, baina zoritxarra nagusitu eta alderdi horietan babestutakoa omen zen. Ondorengoa esan omen zieten zaldunek erraldoiari:

 – Arratsaldeon gizon! Barduliarren buruzagitzan gabiltza eta Oiartzun aldetik gatoz, Lartaun etxetik, hain zuzen ere. Jakingo duzunez, gogorrak izan dira erromatarren aurkako borrokak, eta galtze edo garaipena berrehun lagunen arteko borroka izango da eta gu onenen bila gabiltza. Irabaztea nahi dugu eta jakin badakigu zu zarela gudaririk gogorrenetarikoa.

Hori entzundakoan laguntzea pentsatu omen zuen erraldoiak, baina gero damutu egin zen. Emazte zoragarria aurkitu zuen Kukuherriko lurralde haietan, eta bi alaba polit ere bazituen. Etxe ederra zuen eta zenbait abere ere bai; eta berak dena eman zuen sasoi batean hainbat borroketan. Beraz, hauxe esan zien Lartaun etxeko zaldunei:

 – Jaunak, ez noa zuekin. Ezin ditut nire betebeharrak utzi, eta nire beharra dute hemengoek. Aurkituko duzue beste norbait…

Zaldunek hori entzutean bere erantzunkizuna zela erantzun omen zieten erraldoiari eta burumakur ospa egin omen zuten Kukuherri aldetik. Gaua heltzean, ordea, ametsgaiztoak iritsi omen zitzaizkion erraldoiari eta erromatarrak bere etxera etortzen zirela amestu omen zuen. Bere andrea eta alabak bahitzen zituztela eta bere ondasunei su ematen ziotela amestu omen zuen. Ondoren, zaldunei laguntza eskatzen ziola amestu omen zuen, baina zaldunak ez zeuden berari laguntzeko prest.

Goizean, erralboia izerdia zeriola esnatu omen zen, eta bere emaztearengana zuzenduaz, honela esan omen zion:

 – Emazte maitea, borrokarako deitu naute, eta banoa. Erromatarrak garaitu beharra daukagu!

Hurrengo egunean Auzotarrekin bildu omen zen eta denen artean borrokarako ezpatak, labanak, azkon txikiak eta bestelakoak bildu omen zituzten. Mendian hazitako zaldi bizkor bat ere inguratu omen zuten. Auzoko guztiak agurtu eta Lartaungo etxekoekin biltzera joan omen zen Kukuherriko erraldoia.

Hiru borrokatara jokatzea erabaki omen zuten guztia. Borrokaldi luzea eta neketsua izan omen zen eta denak nazkatu omen ziren gerra egiteaz. Aurreneko borrokaldia Errezilen jokatzea erabaki omen zuten; bigarrena, Erroman, Tiber ibaiko uharte batean; hirugarrena, aldiz, erabakitzekotan geratu omen ziren. Berrehun gudari prestatu omen ziren alde bakoitzetik, hainbat gudetan zaildutako andra eta gizonak.

Kondairak transmititu dezakeena:

  • Familiaren garrantzia (hasieran Kukuherriko erraldoiak ez baitu bere familia utzi nahi)
  • Sormena (beraien irudimena garatzeko aukera; adibidez, erraldoiak agertzen dira)
  • Inguruko herrien eta auzoen izenak (beraien errealitate hurbileko herriak (Errezil, Oiartzun) eta auzoak (Kukuherri, esaterako) agertzen dira
  • Gerra/borroka garaietako hiztegia (gudariak, gudarostea)
  • Gaur egun erabilera urria duten hitzen presentzia (arrapaladan, zailduta)
  • Talde kohesioaren garrantzia (talde bakoitzetik berrehun gudari elkartu zirela aipatzen du)

 

————————————————————————–

 

AMUTEKO DAMAREN HIRU OPARIAK (MOLDATUA) (Garmendia, 2015:43-47)

12714185_10207297908199836_1981715719_n
Amuteko dama.

Ba omen zen aspaldi aspaldi, mendi artean kokatutako herrixka txiki bat, eta bertan andra gizon gutxi batzuk bizi omen ziren Urola ibaiaren inguruan. Aintzinako gizaki horien bizitza oso gogorra omen zen argitasunik ez zutelako ezagutzen. Iluntasuna nagusi zen paisaia haietan eta gutxiena espero zutenean piztiren bat herrixkara gerturatu eta pertsonaren bat jaten omen zuen.

Jende multzo honen egoera benetan latza zen; argirik ez izateaz gain, sumendiak omen zeuden bazter guztietan, garra eta susko harriak nagusi bazter guztietan. Egoera jasangaitz hori zela eta, zaharren batzarra antolatu omen zuten eta gehiena zekian amonak hitz egin omen zuen:

– Egoera ikaragarri gogorra diñagu eta zerbait egin beharra diñagu. Onena Damien kobazulora jutie izengo diñagu, eta berari eskatu kontsejurik onena. Ia emakume handiak laguntasuna ematen digun…

Eta horrela, amona nagusiak zuzendutako taldetxoa Amuteko Damaren kobazulora abiatu omen zen, Lastur deitzen zioten mendi bailara itxi eta arriskutsu batera. Amuteko Damak aditu omen zituen gizaki haien arduradunak esandakoak eta, beraietaz errukiturik, hauxe esan omen zien:

– Ilunpetik ateratzeko, eguzkia emango dizuet eta horrela argitasun bikaina izango duzue, baina ezkutatzera doan bakoitzean honako abestia kantatu behar diozue: “Eguzki amandrea, eguzki amandrea. Zeruan zer berri, zeruan zer berri. Zeruan berri onak, zeruan berri onak. Orain eta beti, orain eta beti.

Horrela behintzat amona eta taldekideak herrixkara itzuli omen ziren eta handik pixka batera izugarrizko eguzki ederra atera omen zen. Guztiak pozez kantari jarri ziren, dantzan eta saltoak emanez eta ezkutatzera zihoan bakoitzean, Amuteko Damak erakutsitako abestia kantatzen omen zieten.

Baina eguzkia joandakoan orduan komeriak. Iluntasuna egiten zen berriro ere, eta ikara eta beldurra nagusitzen omen zen. Gauekok eta bere piztiek ume eta andra- gizonak jaten omen zituzten eta egonezina sortzen zitzaien eguzkia berriro iritsi arte. Hori horrela, bigarren batzarra antolatu omen zuten eta guztiak hitz egin ostean, mona zaharrak berriro ere Amuteko Damarengana joatea proposatu omen zuen.

Bigarren bidaia antolatu omen zuten Lastur aldera, eta Amuteko Damak honela erantzun omen zien:

– Gizakiak izan behar! Beti eskatu eta eskatu zabiltzate… Baina beste opari eder bat egingo dizuet: ilargia. Ilargia agertzen zaizuen bakoitzean, ez ahaztui bere abestia kantatzea: “Ilargi amandrea, ilargi amandrea. Zeruan zer berri, zeruan zer berri. Zeruan berri onak, zeruan berri onak. Orain eta beti, orain eta beti.

Eta horrela behintzat, herrixkara itzuli eta eguzkia joan bezala iletargi ikaragarri polita agertu omen zen. Benetan ederra gero, eta berriro ere argitasuna! Haien poza, egunez eguzkia eta gauez ilargia. Orduantxe lasaitzen omen ziren, eta lurra bera ere sendatzen hasi omen zen. Baina dena ez zen hain zoragarria, konturatu baitziren eguzkia joan eta iletargira itzultzen zirela aldiro- aldiro, baina gau batzuetan ilargirik ez zen agertzen eta orduantxe komeriak. Gaueko piztiak gero eta indar gehiagoz hurbiltzen omen ziren herrixkara eta sarraskiak egin   bertakoen artean. Beraz, hirugarren batzarra egin omen zuten eta denek hitz egin ostean, amona zaharrak hartu omen zuen hitza eta berriro ere Amuteko Damarengana joatea proposatu omen zien.

Esan eta egin. Hurrengo egunean bertan, Lastur aldera abiatu omen ziren eta Amuteko Damak horrela erantzun:

– Nazkatu nauzue pixka bat horrenbeste eskakizunekin, baina hala ere hirugarren oparia egingo dizuet. Eguzki-lorea. Jarri ezazue lore eder hau etxeetako atarietan, eta ilargirik gabeko gauetan, berak babestuko zaituzte, eguzkiaren indarra eta argia baitauka lore zoragarri honek.

Damak esandakoa egin omen zuten herritarrek. Goi mendietan aurkitu eguzki-loreak eta etxeetako atarietan jarri, eta horrela behintzat eguzkia ez zenean ilargia ez etorri, eguzkiaren argi eta indarraz. Gaueko pizti guztiak uxatzea lortu omen zuten euren bizitokietatik, eta handik aurrera pozik eta lasai bizi Amuteko Damak emandako hiru opariei esker.

Kondairak transmititu dezakeena:

  • Hitanoa (amona herritarrengana zuzentzerakoan hitanoa erabiltzen du)
  • Inguruko herrien ezagutza (Lastur, Amute, Urola)
  • Amona zaharraren jakituria (gaur egun hirugarren adineko pertsonak ez daudela behar bezala balortauta eta beraien jakituria ez da lehengo garaietan bezala aintzat hartzen)
  • Eguzki sistemako elementuak (ilargiak eta eguzkiak zer funtzio duten)
  • Euskal Herriko mitologiako ikurraren garrantzia (eguzki lorea zertarako erabiltzen den, tradiziozko ikur gisa erabiltzen zela, non jartzen den…)
  • Sormena (Amuteko Damaren presentzia)
  • Herri kohesioaren garrantzia (herrian duten arazoaren aurrean, herritar guztiak biltzen dira eta Amuteko Damarengana joaten dira)

 

 

 

 

 

 

Deja un comentario