Nolako jolasak eta jokoak, halako jendartea

Jolasa eta jokoa esperientziak bizitzea dela kontuan izanda, zaila da haurrak momentu horretan sentitzen eta ikasten dutena neurtzea. Jolasak zein jokoak, mugimendua, abilezia, oreka, ikerketa, esplorazioa, konfiantza, arriskua, gatazka, konponketa, lorpena, harremanak, negoziazioa, komunikazioa, kulturaren barne diren tradizioak… biltzen ditu. Horregatik, jolasari edota jokoari garrantzia eman behar zaio, haurraren garapen integrala (psikomotorea, intelektuala, soziala, afektibo emozionala…) bultzatzen baitu. Horretaz gain, kontuan izan behar da jolasak eta jokoak plazera sortzen duela eta ez dagoela berau baino motore biziagorik. Hori guztia irakurrita, esan dezakegu, jolasa eta jokoa hezkuntzaren parte dela, haurren garapena sustatzen baitu (Aizarna, Altuna, Garaigordobil eta Larrea, 2013).

Jolasaren garrantziari erreparatuta, “haurren eskubideei buruzko hitzarmena” dokumentuan, (31. artikuluan) eskubide hori aldarrikatzen da. Honela azaltzen digu Silvia Hernándezek aipatutako artikuluan: “neska mutil guztiek jolas egiteko, atsedena hartzeko eta beren adinari dagozkion jolas jardueretan parte hartzeko eskubidea dute. Kultura eta arte jardueretan parte hartzeko eskubidea dute, gainera, eta beraz, berdintasunez eta egokiro berorietan integratzeko aukerak eskaini behar dizkiete estatuek” (Hernández, 2011; 15).

Baina, zein bilakaera izan dute jolasek eta jokoek? Zer gertatu da ohizko jolas eta jokoekin?

Manterola eta Barandiaranek (1993) azaltzen duten moduan garai bateko bizimodua eta egungoa ez dira berberak. Ohizko gizartean, haurrek harreman jarraikoa zeukaten helduekin, izan ere, bizimodua eta lana etxe inguruan egiten ziren. Gainera, kontuan izan behar da, haurrek kalean egiten zutela haien bizitza, gehienak eskolara irakurtzera eta idazten ikastera soilik joaten baitziren. Harreman horri esker, trebetasunak, teknikak, ezagutzak, jolasak, jokoak, kantak, sineste moralak, sinboloak eta bere esanahiak… transmititzen ziren.

Gaur egun, ordea, helduek, lana medio, etxetik edota herritik kanpo denbora ugari igarotzen dute. Eskolari ere, garrantzia handiagoa ematen zaio eta haurrak geletan igarotzen dute denbora gehien; lehengo jolasaldi luzea jolas-ordu momentura murriztu dela esan daiteke. Gainera, gizarte industrialak indar handia hartu du eta seriean egindako jostailuak eskaintzen dira, osagai mekaniko eta elektrikoekin osatuta. Jaioberri garen unetik, jostailu automatizatuak eskaintzen dizkigute.

Laburbilduz, munduan egon diren aldaketa guztiak medio, ohiturak, ezagutzak, jolasak, jokoak… galdu egin dira, helduen eta haurren arteko transmisioa murriztu egin da. Denbora berrietara moldatu gara eta gure iraganeko ohiturak alde batera utzi ditugu.  Ohizko jolasen krisia gertatu dela esan daiteke.

Arazo hori ikusita, helburua Euskal Herriko iraganeko jolasak ezagutzea da, hau da, iraganera salto egitea. Horretarako, galduta edota galtzear dauden eta euskal jatorria duten jolasak bildu ditugu. Adin tarteari erreparatuta, haur hezkuntzan aplika daitezkeen jolasak edo jokoak aukeratu ditugu. Jolas eta jokoetan sakontzen hasi aurretik aipatu, batzuk moldatu egin beharko liratekeela, izan ere, txikien artean lehiakortasuna bultzatzen dute. Egokiena, jolas tradizional horiek aztertu eta kooperatibo bilakatzea izango litzateke.

Nagusiek txikiekin edo txikien artean erabiltzeko jolasak

Haurrak nagusien belaun gainean jartzen dira eta belaunak mugitzen dira abestiaren erritmora. Haur txikiek ere haien artean jolas dezakete. Manterola eta Barandiaranek (1993) egindako ikerketaren emaitzek azaltzen duten moduan, hurrengo lerroetan azalduko diren abestiak jatorri euskalduna dute, besteak beste, Aramaio (Araba), Elosua, Ataun, Berastegi, Eibar, Oiartzun, Tolosa, Zerain (Gipuzkoa); Abadiño, Murelaga (Bizkaia); Amaiur, Goitzueta, Sunbilla, Tafalla (Nafarroa); Hendaia (Lapurdi) y Donibane Garazi (B. Nafarroa).

Matxalen Busturi

Busturia Bizkaiko lurralde historikoan kokatzen da, Urdaibaiko Biosfera Erreserban, hain zuzen. Oso ezaguna da bere arkeologia, zeramika, errege bidea, ardo eta arrain ibilbideengatik (Aretxaga, d.g.). Abesti hau bertan kokatzen da. Nahiz eta non kokatzen den jakin, abestiaren argitalpen urtea eta idazlea ezezagunak dira. Aipatzekoa da, 2010. urtean, Kepa Junkerak, Xabier Amurizak eta Leioa Kantika abesbatzak argitaratutako diskoan (Beti bizi) jasota dagoela abesti hau. Beraz, bertan letra eta doinua entzun daitezke.

Horretaz gain, Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarenak ere 2010. urtean argitaratutako diskoan, Arnasa, kanta bera jasotzen da (Euskal Herriko Txistulari Elkartea, d.g.).

Jolasaren letra hau Manterola eta Barandiaranek (1993) idatzitako liburuan dago ikusgai:

Ai Matxalen Matxalen,

Ai Matxalen

Zure bila nenbilen

orain baino lehen

Matxalen Busturiko

Izan balitz ona

Ez zala etorriko

Busturitik hona

Ai Matxalen…

Matxalen Busturikok

Hamairu nobio

Zazpi mediku

eta Sei botikario

Ai Matxalen…

Hasi goiko kaletik

Beheko kaleraino

Ez dau ederragorik

Matxalentxu baino

Ai Matxalen…

Matxalen Busturiko

Amari negarrez

Amantal barri barik

Ezkonduko danez

Ai Matxalen…

Ene alaba Matxalen

Ez egin negarrik

Ez zara ezkonduko

Amantalik barik

Ai Matxalen…

Txomintxok emon deutso

Bosteko gorrie

Matxalen ekarrine

Amantal barrie

Ai Matxalen….

————————————————————————–

 

Arre arre mandako

Jolas honen berri Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzen dituen web gunean (ahotsak.eus) izan dugu eta bertan kantua entzuteko aukera dago. 1946. urtean jaio zen emakume batek, haren testigantza eskaintzen du. Gainera Manterola eta Barandiaranek (1993) argitaratutako «Juegos Infantiles en Vasconia» liburuan ere ikusgai dago.

Letra:

Arre arre mandako

Bijer Tolosarako

Etzi Pamplonarako

Handik zer ekarriko?

Sonbrero ta gerriko.

Captura de pantalla 2016-02-17 a la(s) 09.59.27

Ana Maria Axpek aipatu digunez, «Arre arre mandako» kanta ezaguna (Komunikazio pertsonala, 2005, Apirilak 18).

 

————————————————————————–

 

Atontxu

Jolas honen jatorria Bizkaian aurkitzen da (Manterola eta Barandiaran, 1993). Aurretik aipatu bezala, helduak haurra magalean hartu eta trostan ibiltzeko jolasa da. Gainera, bi haurren artean jolasteko ere aukera dago (imitazioa). Letra ere bertan aurki dezakegu:

Atontxu

Atontxu zera zu

Kuartillu térdigaittik

Oia saldu dozu.

Aitte datorrenian nian

Ama datorrenian nian

Etxetik kanpora

Bialduko zaittu.

————————————————————————–

 

Txilin txilin mañe

Manterola eta Barandiaranek (1993) egindako ikerlanak dioen moduan, jolas honen jatorria Nafarroan aurkitzen da.

Txilin txilin mañe

Bijer da Santa Mañe

Ezti domu santu

Umie zuluen sartu

Ama negarrez

Aitte dolorez

Abadie katuen

Errielen pozez

(Manterola eta Barandiaran, 1993)

Hurrengo lerroetan aipatuko diren abestietan ere haurra altzoan edukitzen zen, baina jolas bakoitzak eginkizun berezi bat izaten zuen.

Hurrengo abesti honetan, haurrak txaloak jotzen ditu musikaren erritmora. Haurrak oso txikiak direnean, helduek egin ohi dute. 1993. urtean, “Juegos Infatiles de Vasconia” argitaratu zen Bilbon eta bertan letra ikusgai dago. Gainera, Jolas honen berri Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzen dituen web gunean ere (ahotsak.eus) testigantzak aurki ditzakegu; hala nola 1950. urtean jaio zen emakume batena edota 1941. urtean jaio eta irakasle izan den beste emakume batena.

Txalo pintxalo

Txalo ta txalo

Katotxua mizpilla

Gainien dago

Dago badago

Badago bego

Zapatatxu berrijei

Begire dago.

Captura de pantalla 2016-02-17 a la(s) 10.10.58

Begoña Arregi eta Arantxa Iregik aipatu digutenez, «Txalo pintxalo» (Komunikazio pertsonala, 2007, Martxoak 05).

————————————————————————–

Azken jolas horretan umeari aurpegia laztantzen zitzaion eta azkenean esku biekin aurpegian kolpetxo batzuk jotzen zitzaizkion. Haurra handitzean, haurrak egiten zieten azken hori helduei.

Katalamixon

Manterola eta Barandiaranek (1993) hurrengo jolasa bere liburuan jaso dute. Liburuan ez da bere jatorria zehazten. Hala ere, Mañare (Bizkaia) herrialdean jolasten zuen andere baten testigantza aurkitu dugu Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzen dituen web gunean (ahotsak.eus).

Katalamixon

Non ixen?

Gaztelutik

Zer ekarri?

Gaztaie ta ogi

Non itxi?

Arazan.

An eztauz

Katuek jan dauz

Zapi zapi zapi

Captura de pantalla 2016-02-17 a la(s) 10.15.47

Luzia Inzunzak aipatu digunez, «Katalamixon» (Komunikazio pertsonala, 2013, Ekainak 14).

————————————————————————–

 

Tabak edo Tortoloxa

Joko honetara jokatzeko, sei taba eta kanika bat behar ziren. Kanika kristalezkoa edo buztinezkoa izan ohi zen. Gutxienez bi partaidek jokatzen zuten eta gehienez seik eta borobilean eserita jokatzen zuten, hankak zabalduta zituztela.

Gehienbat neguan jokatzen zen, eguraldi txarra egiten zuenean. Eskolan eta kalean jokatzen zuten haurrek, harri lau baten gainean.

Tabak, ardi edo ahuntzen hankako belauneko hezurrak dira. Jokatzeko onenak, aharienak ziren, karnerozkoak bezala ezagunak, handienak baitziren. Taba bakoitzak lau alde ditu; saka (zuloa goraka), pon (zuloa ahuspez), culo (alde estua goraka zutik) eta carne (beste aldera zutik)  izenarekin ezagunak.

Jokatzen zein hasiko zen erabakitzeko, abesti baten bidez zozketa egiten zuten edo bestela tabak bota eta “sakan” gehien uzten zituenak hasiera ematen zion jokoari (Manterola eta Barandiaran, 2005).

Nola jokatzen zen?

Manterola eta Barandiaranek (2005) egindako ikerlanak adierazten duen moduan, lehenengoak bi eskuekin tabak hartu eta jaurti egiten zituen. Ondoren, kanika hartu eta bota egiten zuen. Azken hori airean zegoen bitartean, kanika botatako esku berarekin, “sakan” dagoen taba bat hartu behar zuen eta ostean, kanika. Ondoren gauza bera egin behar zen, baina “sakan” zegoen bat hartu ordez, beste taba baten posizioa aldatu behar zen, horrela “sakan”(zuloa goraka) jartzen saiatu behar ziren. Horrela sei tabak hartu arte. Lehen posizioarekin bukatu ostean, hau da, taba guztiak zuloa gora begira jarri eta bildu ostean, gauza bera egiten zen gainontzeko posizio guztiekin. Kanika lurrera erortzen bazen, edo huts egiten bazen, hurrengoaren txanda izaten zen.

Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzen dituen web gunean (ahotsak.eus) hainbat testigantza aurki daitezke. 1924 eta 1927. urteetan jaiotako emakumeek garai batean nola jolasten zuten azaltzen dute. Esaten dutenez, garai haietan haurrek kalean, jokatzen, igarotzen zuten denbora gehien  eta taba jokoa, beste batzuen artean, oso famatua zen.

Captura de pantalla 2016-02-17 a la(s) 10.19.15

Mertxe Ugartek aipatu digunez, Tortoloxak (Komunikazio pertsonala, 2007, Abenduak 19).

Captura de pantalla 2016-02-17 a la(s) 10.22.08

Ana Mari Aldazabalek aipatu digunez,  Umetako jolasak eta Matsaria (Komunikazio pertsonala, 2007, Abenduak 19).

————————————————————————–

Txingoka

Txintxirriska, txintxurriska, txindorrika, txintxurriska, txinkirrinen (Gipuzkoa) Txingoka, txintxu, txinkoketan (Gipuzkoa, Bizkaia) Txanginen (Gipuzkoa) Altxarrinean (Gipuzkoa) Tokotan  (Gipuzkoa) Oinarrike (Bizkaia) Koixo-pla (Bizkaia) Harrian, harribanakoa, harritxongon (Nafarroa,  Bizkaia, Gipuzkoa) Trukume, trokamenka (Araba, Bizkaia) Karratü joküa, artzain joko (Iparralde).  Hainbat izen hartzen ditu bere baitan txingoka jokoak. Hala ere, Garmendiak (2007) egindako ikerketan, Txingoka jolasaren jatorria Tolosan aurkitu zuen.

Hasteko, sei laukiz osatutako gurutze moduko bat marrazten da lurrean eta lauki bakoitzari dagokion zenbakia idazten zaio. Seigarren laukiaren gainean, “zerua” idatzi ohi da (biribil erdi baten barruan). Jokatzen hasi aurretik, parte hartzaileen txandak erabakitzen dira. Horretarako, harri bat hartu eta marra jakin batera jaurtitzen da. Harria marratik gertuen uzten duena hasiko da jolasean.

Lehenengo jokalariak, harria hartu eta lehenengo laukira botako du. Harria laukiaren barrura erortzen bada, marra ukitu gabe, jokalari horrek jarraituko du jolasean. Horrela ez bada, huts egingo du, beraz, hurrengoaren txanda izango da. Behin harria lehen laukian dagoela, jokalaria hanka baten gainean jarri eta bigarren eta hirugarren laukira salto egingo du, harria lehen laukian utzita. Aipatu moduan, gurutze formarekin marrazten da, beraz, laugarren eta bosgarren laukiak bata bestearen ondoan daude kokatuta. Horregatik, jokalaria bertara iristean, eskuineko hanka laugarren laukian eta ezkerrekoa bosgarrenean jarriko ditu (une berean). Ondoren, hanka baten gainean seigarren laukira egingo du salto. Jada zeruaren aurrean egongo da. Bertara, laugarren eta bosgarren laukiekin egin moduan, bi hankekin batera egingo du jauzi. Bertan salto bat eginda buelta emango du eta itzulerako bideari ekingo dio.

Jokalaria bigarren laukira iristean, hau da, hasieran jaurti duen harriaren aurreko laukira iristean, harria jaso eta abiapuntura itzuliko da salto eginda. Bide guztia ondo egiten badu, hau da, marra zapaldu gabe, aurrera jarraitzeko aukera izango du, baina oraingoan harria lehen laukira jaurti ordez, bigarren laukira jaurti beharko du. Horrela zerura iritsi arte.

Txutxurrutxuka

Garmendiak (2007) bere ikerketan, Eskoriatzan abiapuntua duen txutxurrutxuka jolasa berreskuratu du. Jolas horretan, gurdiaz baliatuta kuluxkan ibiltzen ziren haurrak. Horretarako, gurdiaren pertikan haur bat jartzen zen eta atzealdean beste hiru edo lau. Behin bakoitza bere tokian eserita, ondorengo elkarrizketa gauzatzen zen:

  • Txutxurrutxu, zer daukazu?
  • Arrautzia.
  • Zeinentzako?
  • Dorletarentzako.
  • Zenbat?
  • Hogei.

Azken zenbaki horren araberako kulunkak egiten zituzten.

Deja un comentario